Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea

GUFEren logoa

Elorrioko egoitzak hartuko dituen bi bizikidetza-unitateak eraikitzeko obrak hasi dira

2023/10/5

Elorrioko Laguntza Zentroa, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen mendekoa, bi bizikidetza-unitate independentetan antolatuko da.

Bi bizikidetza-unitate horiek zerbitzu komunak izango dituzte, eta 25 pertsona hartuko dituzte, gehienez ere. Horrela, pertsona horiek beren bizi-proiektuarekin jarraitu ahal izango dute etxe baten antzeko ingurunean.

Obrak egokitzeko aldez aurreko fase batean, aretoak eraberritzeari ekin zaio, zentroko bi solairuetan tamaina handiagoko espazioak gaitzeko, gaur egungo tamaina ia bikoiztu arte, pertsona egoiliarrak bertan egon daitezen.

Zentroa bizikidetza-unitate bihurtzeko prozesua 24 hilabeteko epean amaituko da, eta 4,5 milioi euroko kostua izango du.

 Elorrioko Laguntza Zentroak hartuko dituen bi bizikidetza-unitateak eraikitzeko lanak hasi dira aste honetan. Eraberritze integralarekin, Laguntzarako Foru Erakundearen mendeko egoitza-zentro hori Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzen ari den etorkizuneko bizitegi-eredura egokituko da. Kontua da zentroa bizikidetza-unitateetan antolatzea, arreta pertsonalizatuagoa eta komunitateari irekiagoa izan dadin eta laguntza behar duten pertsonen premia, nahi eta itxaropen guztiei erantzun diezaien, haien eskubideak eta identitate biografikoa errespetatuz.

Zehazki, Elorrioko egoitza bi bizikidetza-unitatetan egituratuko da, eta horietako bakoitzean gehienez 25 pertsona egongo dira. Horrela, unitate bakoitzak 22 gela izango ditu (19 banako eta 3 bikoitz), eta guztiek bainugela egokitua izango dute. Halaber, egongela, jangela, terraza zabala eta sukaldea osatzen duten unitate bakoitzean bizikidetza-eremu komunak izango dituzte, egoiliarrek beren bizi-proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten etxe baten antzeko ingurunean.

Obra-prozesu mailakatua eta segurua

Zentroa egokitzeko eta hobetzeko obrak pixkanaka egiten ari dira. Izan ere, zentroko egoiliarrekin eta profesionalekin gauzatu behar dira, bertan bizi eta lan egiten baitute. Alde horretatik, behar diren neurri guztiak hartzen ari dira, eragin ditzaketen kalteak minimizatze aldera.

Azken hilabeteetan egin den egokitzapen-fasean, eraikina osatzen duten bi solairuetako aretoak berritu dira, amankomuneko espazio handiagoak gaitzeko, gaur egungo dimentsioak ia bikoiztu arte. Areto berriek etxeko sukalde bat dute, jantokira irekia eta integratua, baita komun berriak ere.

Hasierako fasea eta prestakuntza-fasea amaituta, aste honetan lehenengo bizikidetza-unitatearen obrak hasi dira. Obra horiek 12 hilabete iraungo dute, gutxi gorabehera, eta, amaitu ondoren, bigarrenekoak hasiko dira, eraikinaren kanpoaldean egindako beste eraberritze batzuekin batera.

2025eko bigarren erdirako espero da zentroaren eraldaketa osoa bizikidetza-unitate bihurtzea, eta 4,5 milioi euroko kostua izango du.

Egoitza-arreta are gehiago pertsonalizatzeko estrategia

Bizkaiko Foru Aldundia iraupen luzeko zainketen eraldaketa bultzatzen ari da, xede izanik beren bizi-proiektua garatzeko laguntza behar duten pertsonen premia, itxaropen eta lehentasunen bilakaeran eta aniztasunaren arretan aurrera egingo duen pertsonalizazioa lortzea.

Bizikidetza-unitateak aurreikusita eta jasota daude egungo araudian (126/2019 Dekretuaren 24. artikulua, EAEren eremuan) eta Foru Erakundea bultzada hori gauzatzen ari da politika publikoko hainbat tresna abian jarriz, hala nola bizikidetza-unitateak arautzen dituen Foru Dekretua (2021/08/31n argitaratu zen BAOn) eta iazko uztailetik aurrera bizikidetza-unitateak plazen itunean sartzea. Jakina, kudeaketa zuzeneko adineko pertsonen zentroak ere, Elorriokoa kasu, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren ardatz bultzatzaileetako bati erantzuten dioten neurrien multzo horren barruan daude.

Itzuli

© 2025 GUFE