Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea

GUFEren logoa

Elorrioko bi bizikidetza-unitate berriak abian jarrita Bizkaiak aurrera egiten du bere zainketa-ereduaren ezarpenean

2026/3/31

Instalazioek 50 pertsonentzako lekua dute eta Aldundiak arreta-sistema pertsonalizatuago, hurbilago eta komunitarioago baten alde egindako apustua islatzen dute.

Elorrioko bizikidetza-unitate berriak abian daude oso-osorik. Horrela egiaztatu du aste honetan Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, Durangaldeko instalazio horietara egin duen bisitan; berarekin Amaia Antxustegi, Gizarte Ekintzako diputatua, eta David Latxaga, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) gerentea, izan dira. Ibilbidean zehar Etxanobek azpimarratu zuenez  “instalazio hauek Bizkaian zaintza eredu gizatiarragoa, hurbilagoa eta komunitarioagoa bultzatzen jarraitzeko aukera ematen digute”. “Hau da Aldundian eraikitzen ari garen bidea: aurrea hartzea zaintza sistema jasangarriagoa, pertsonalizatuagoa eta zahartzearen erronkei erantzuteko prestatuagoa eskaintzeko, gehiago bizitzeko helburuarekin, baina, batez ere, hobeto bizitzeko”, ziurtatu zuen.

GUFEren mendeko zentroa bi bizikidetza-unitate independentetan berrantolatu da: Anboto eta Eguzkilore, egoiliarrek, familiek eta langileek aukeratu  dituzten izenak. Unitate bakoitzak 25 pertsonentzako edukiera du, eta guztira 50 plaza daude. Unitate bakoitzak 19 logela indibidual eta 3 bikoitz ditu, egoteko esparru bat eta terraza bat, baita esparru komunak ere, adibidez egongela bat eta komunitate-lorategi bat, etxe baten ahalik eta antzekoena den ingurunean bizikidetza errazteko eta bideratzeko diseinatuta.

Unitate hauek arreta integrala eskaintzen dute; arreta horren barruan erizaintza-zerbitzuak, terapia okupazionala, fisioterapia, psikologia eta psikiatria, gizarte-lana, sukaldaritza eta garbiketa daude. Gainera eguneroko bizitzako oinarrizko beharrak eta zerbitzu osagarriak betetzen dituzte, hala nola podologia eta ile-apainketa.

Bisitan zehar Etxanobek nabarmendu zuen proiektu hau azpiegituren hobekuntza baino askoz gehiago dela: “Gaur urrats garrantzitsua ematen ari gara Bizkaiko zainketa-ereduaren eraldaketan. Bizikidetza-unitate hauek aurrera egiteko aukeratu dugun moduaren adibide dira: baliabide modernoekin, gertukoekin eta pertsonek euren bizi-proiektua garatzen jarraitu ahal izateko pentsatutakoekin, euren etxearen ahalik eta ingurune antzekoenean”.

Elorrioko zentroaren eraldaketak 4,5 milioi euroko inbertsioa eskatu du eta pertsona ardatz duen eta Iraupen Luzeko Zainketetan Trantsizioa Sustatzeko Planarekin bat datorren ereduan aurrera egiteko foru estrategiaren barruan kokatzen da. Eredu honek unitate txikiagoen aldeko apustua egiten du, arreta hurbilagoa, pertsona bakoitzaren nortasuna eta lehentasunak errespetatzen dituena eta komunitate-ingurunera irekita dagoena bideratzeko.

Itzuli

© 2026 GUFE