Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea

GUFEren logoa

Bizkaiko Foru Aldundiak aipamen bereziak eman dizkio Leioa Laguntza Zentroaren proiektuari

2025/12/17

Bizkaiak iraupen luzeko zainketak pertsonalizatzeko jardunbide egokiak aintzatesten ditu.

Sari hauen laugarren edizioan Bizkaiko Foru Aldundiak Colisée Barrika, Aspaldiko, Joxe Miel Barandiaran eta Urizartorre egoitzak eta Nafarroa eguneko zentroa aintzatesten ditu, eta aipamen bereziak eman dizkie Bizigura eguneko zentroaren eta Leioa laguntza-zentroaren proiektuei.

Bizkaiko Foru Aldundiak iraupen luzeko zainketak pertsonalizatzeko jardunbide egokien aintzatespenak banatu ditu; aurten sari hauen laugarren edizioa  bete da. Gizarte Ekintzako Foru Sailak bultzatzen dituen sari hauen helburua etxean, eguneko zentroetan edo lurraldeko egoitza-baliabideetan arreta eskaintzen duten erakundeen artean esperientzia berritzaileak sustatzea, zabaltzea eta partekatzea da. Edizio honetan 17 erakundetan garatutako 24 praktika aurkeztu dira guztira. Sei aipamen berezi eman dira, hain zuzen ere Colisée Barrika (La Saleta Care S.L.), Joxe Miel Barandiaran (Azpiegiturak S.A. - Servicios Sociales Aita Menni S.L.) eta Urizartorre (Asociación de Esclerosis Múltiple de Bizkaia - ADEMBI) egoitzei. Era berean aipamena merezi izan dute Amorebieta-Etxanoko udalaren Nafarroako Eguneko Zentroak (Urgatzi S.L.) eta aintzatespena bi kategoriatan jaso duen Fundación Aspaldiko-Residencia egoitzak (Fundación Aspaldiko). Gainera, foru erakundeak aipamen bereziak egin dizkie Bizigura Eguneko Zentroan (Azpiegiturak S.A. - Servicios Sociales Aita Menni S.L.) eta Leioako Laguntza Zentroan (GUFE) garatutako ekimenei, pertsona bakoitzaren beharretara zentratutako eta egokitutako arreta-ereduekin duten konpromisoagatik.

Amaia Antxustegik, Gizarte Ekintzako diputatuak, eskerrak eman dizkie aintzatetsitako erakunde eta entitateei eta Bizkaia osoaren txaloa eta eskerrak helarazi dizkie. "Bizkaiak aurrera egiten du arreta-eredu gizatiarrago, berritzaileago eta konprometituago baterantz; aurrera egiten du eskutik helduta goazelako erakunde publiko eta pribatuok, pertsonengan oinarritutako zaintza-sistema elkarrekin eraikitzeko, non premia eta bizi-proiektu bakoitza kontuan hartzen den. Baina Bizkaia, aurrera egiteaz gain, aitzindaria da bidea markatzen duten ekimenetan", nabarmendu du. Ildo horretatik Antxustegik eskertu egin du erakunde guztien konpromisoa eta inplikazioa, "zuen lanak, ahaleginek eta zuen jardunbide onek bultzatzen gaituztelako eta jada sustatzen ari garen iraupen luzeko zainketen eremuan arreta pertsonalizatuago baterantz aurrera egiten jarraitzera bideratzen gaituztelako. Izan ere horrelakorik ez litzateke posible izango  zuen lanik, ideiarik eta eguneroko konpromisorik gabe", azpimarratu du.

 

Itzuli

© 2026 GUFE